LEHEN AMODIOA
Vladimir Nabokov

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.com, 2013

 

1

 

    Mende honetako lehen urteetan, Nevski etorbideko bidaia-agentzia batek ikusgai zeukan laurogeita hamar zentimetroko eta gaztaina-koloreko nazioarteko ohe-bagoi baten maketa. Sinesgarritasun delikatu hark erabat barregarri uzten zuen nire tren mekanikoaren latorri pintatua. Tamalez, ez zegoen salgai. Antzeman zitezkeen barruko tapizatu urdina, konpartimentuetako hormetako larru bozelduaren estaldura, panel finak eta bertan txertatutako ispiluak, tulipadun irakurketa-lanparak eta beste xehetasun ernegagarri batzuk. Txandakatuta zeuden leiho zabalak eta estuak, sinpleak edo geminatuak, eta azken horietako batzuk beira esmerilatuz egindakoak ziren. Konpartimentu bakan batzuetan oheak eginda zeuden.

    Garai hartako Nord Express handi eta sofistikatuak (ez zen gauza bera izan Lehen Mundu Gerraren ondoren), mota horretako nazioarteko bagoiekin soilik eta astean bitan bakarrik funtzionatuz, Parisekin lotzen zuen San Petersburgo. Esango nukeen: zuzenean Parisekin, bidaiariak ez balira derrigortuta egon tren batetik itxuraz baino antzekoa ez zen beste batera aldatzera Errusia eta Alemaniaren arteko mugan (Verzhbolovo-Eydtkuhnen), non Errusiako errail-arte zabal eta nagia, metro eta berrogeita hamahiru zentimetrokoa, Europako metro eta berrogeita hiru zentimetroko estandar bihurtzen zen, eta ikatzak urki-egurraren lekua hartzen zuen.

    Nire gogoaren azken zokondoan Parisera horrela egindako bost bidaia gutxienez, uste dut, taxutu ditzaket, azken helmuga Côte d'Azur edo Miarritze zirelarik. 1909an, orain aukeratu dudan urtean, nire arrebatxo biak etxean geratu ziren umezainekin eta izekoekin. Aita, eskularruak eta bidaia-txapela soinean, liburu bat irakurtzen zegoen, gure irakaslearekin partekatzen zuen konpartimentuan eserita. Komun batek banatzen gintuen anaia eta biok haiengandik. Ama eta bere neskamea gure ondoko konpartimentuan zeuden. Gure taldeko banangoak, Osip aitaren gelazainak (hamar urte geroago sasijakintsu boltxebikeek fusilatuko zutena, gure bizikletak beretzat gorde zituelako nazioari eman beharrean), ezezagun batekin partekatzen zuen gela.

    Urte hartako apirilean, Peary Ipar Polora heldu zen. Maiatzean, Xaliapin-ek Parisen kantatu zuen. Ekainean, zepelin berri eta hobeen zurrumurruengatik kezkatuta, Estatu Batuetako Gerra Departamentua aireko itsas-armada bat sortzeko planei buruz mintzatu zitzaien kazetariei. Uztailean, Bleriot-ek Calais-tik Dover-era egin zuen hegan (itzulipurdi txiki gehigarri batekin, orientazioa galdu zuenean). Abuztuaren amaiera zen orain. Errusiako ipar-mendebaldeko izeiak eta zingirak arrapaladan igaro ziren, eta biharamunean Alemaniako pinudiei eta txilardiei egin zieten lekua.

    Mahai tolesgarri batean, ama eta biok durachki izeneko karta-jokoan genbiltzan. Oraindik egun argia bazen ere, leihoan islatzen ziren gure kartak, edalontzi bat eta, beste plano batean, maleta baten morroiloak. Basoak eta zelaiak zeharkatuz, eta ustekabeko troketan, eta ziztu bizian pasatzen ziren etxetxoen artetik, apustuzale amorratu haiek jokoan jarraitzen zuten etengabe, postura txinpartatsuak etengabe eginez.

    “Ne budet-li, tо ved' ustal?” (“Nahikoa izan duzu, ez zaude nekatuta?”) galdetu zidan amak, eta gero pentsamenduetan galdu zen kartak astiro nahasten zituen bitartean. Konpartimentuko atea zabalik zegoen eta korridoreko leihoa ikus nezakeen, non kableak —sei kable beltz eta estu— eginahalak egiten ari ziren gorantz okertzeko, zerurantz igotzeko, telegrafo-posteek, batak bestearen atzetik, ematen zizkieten kolpe dirdiratsuak gorabehera; baina seiak, batera, alaitasun patetikoko erortze garaile batean, leihoaren goiko aldera iristeko puntu-puntuan zeudenean, kolpe bereziki anker batek beheratu egiten zituen, hasieran bezain behean, eta dena berriro hasi behar zuten derrigor.

    Horrelako bidaietan, trenak bere abiadura ibilera dotore bihurtzen zuenean eta etxeetako fatxadak eta dendetako kartelak ia-ia ukitzen zituenean, Alemaniako herri handiren batetik igarotzen ginenean, zirrara bikoitza sentitu ohi nuen, bukaerako geltokiek ezin zutena sortu. Hiri bat ikusten nuen konpartimentuan sartzen bere jostailu-tranbiekin, ezkiekin eta adreiluzko hormekin, ispiluekin hasten zen harremanetan, eta korridoreko aldeko leihoak ertzetaraino betetzen zituen. Trenaren eta hiriaren arteko kontaktu informal hori zen hunkitzen ninduen gauzetako bat. Bestea zen oinezkoren baten lekuan jartzea, eta imajinatzen nuen hura ni nengokeen bezain hunkituta egongo zela bagoi luze, erromantiko, gaztaina-kolorekoak ikustean, saguzarraren hegalak bezain beltzak ziren atarien arteko gortinekin eta metalezko letrak kobre-koloreko distirak eginez eguzki beheratuan, kale arrunt bat zeharkatzen duen burdina-zubi bat presa barik gurutzatu eta gero, leiho guztiak bat-batean sutan, azken etxe-blokean jira eginez.

    Amalgama optiko horiek trabak sortzen zituzten. Leiho zabaleko jatetxe-bagoia, begien aurrean ur mineralaren botila garbiak, mitra-itxuran tolestutako ezpainzapiak eta txokolate-tableta faltsuak (bilgarrietan —Cailler, Kohler eta abar— egurra baino ez zegoen), korridore urdin kulunkarien segida baten ondorengo babes freskotzat hartzen zen hasieran; baina jatordua zoritxarreko azken platererantz zihoala, trena, albo-alboka zihoazen zerbitzariak eta guzti, paisaian ausardiaz zorroratzeko unean harrapatzen nuen behin eta berriro, eta paisaiak berak mugimendu-sistema konplexua jasaten zuen, eguneko iretargia nire plateraren abiada berean temati, belardi urrunak abaniko baten modura irekitzen, gertuko zuhaitzak txinbo ikusezinen gainean trenbiderantz igotzen, trenbide paralelo bat ustekabean anastomosiz suizidatzen, belar niktitanteen muino bat gorantz, gorantz, gorantz, abiadura nahastuen lekuko txikia bere omelette aux confitures de fraises-en anoa errebesatzera behartuta egon arte.

    Gauez izaten zen, ordea, Compagnie Internationale des Wagons-Lits et des Grands Express Européens konpainiak bere izenaren magia betetzeko adinakoa zela erakusten zuenean. Anaiaren literaren azpiko ohetik (Lo ote zegoen anaia? Han al zegoen?), gure konpartimentuan erdi ilunetan behatzen nituen gauzak, gauzen zatiak, eta gerizak, eta gerizen atalak isilean mugitzen inora heldu barik. Zurak kraska eta karranka egiten zuen, leun. Komunera zeraman atetik gertu, modu erritmikoan kulunkatzen ziren kako batetik zintzilikatutako janzki ilun bat eta, gorago, kriseilu kuskubiko urdinaren borla. Zaila zen lotzea hurbilketa zalantzati haiek, isiltasun itsu hura eta kanpoko gaueko arrapalada, zeina banekien azkar batean zihoala, txinpartekin zerroak eginez, irakurtezin.

    Loak hartzen ninduen tren-gidariarekin identifikatzeko ekintza soilaren bidez. Ongizate lo-arazle baten sentsazioak zainak inbaditzen zizkidan dena ondo antolatuta neukanean: ardurarik gabeko bidaiariak euren geletan ni ematen ari nintzaien ibilaldiaz gozatzen, erretzen, konplizitate-irribarreak trukatzen, burua makurtzen, lo-kukuak egiten; zerbitzariak eta sukaldariak eta tren-zaindariak (nonbaiten jarri behar nituen) jantoki-bagoian parranda egiten; eta ni, kedartuta eta begiak zuloetatik kanpo, makinaren kabinatik trenbide gero eta estuagoari begiratzen, distantzia beltzeko errubi edo esmeralda koloreko puntuari begiratzen. Eta orduan, lo nengoela, beste gauza bat ikusten nuen, guztiz desberdina: kristalezko puxtarri bat piano luze baten azpian biraka edo jostailuzko tren bat alboz erorita, gurpilak oraindik kementsu bueltaka.

    Trenaren abiadura-aldaketa batek noizean behin eten egiten zuen nire loaren joera. Argi geldoak hurbiletik neuzkan zelatan; horietako bakoitzak, pasatzean, arrakala bera aztertzen zuen, eta gero konpas argitsu batek itzalak neurtzen zituen. Tarte baten ondoren, trena Westinghouse erako zizpuru luze batekin geratu zen. Zer edo zer jausi zen goitik (anaiaren betaurrekoak, hurrengo egunean frogatu nuenez). Zoragarria eta zirraragarria zen norbere ohearen oinaldera joatea, burusi batzuk narras eramanez, leiho-saretaren segurtagailua kontu handiz askatzeko, hura erdizka baino ezin baitzen igo, goiko literaren ertzean trabatuta geratzen zen-eta.

    Jupiter inguruko ilargien moduan, gaueko tximeleta kolorgeak farola bakarti baten biran zebiltzan. Eserleku baten gainean egunkari zatitu bat astintzen zen. Trenean nonbaiten ahots motelduak entzuten ziren, norbaiten eztul erraza. Ez zegoen ezer bereziki interesgarririk aurrean neukan geltokiko nasaren zatian eta, hala ere, ezin nintzen handik aldendu bere kabuz alde egin arte.

    Hurrengo goizean, zelai hezeek eta zanga baten erradioan lerrokatutako sahats desitxuratuek edo urruneko makalen ilara batek, esne-itxurako laino-zerrenda horizontal batek zeharkatuta, esaten zizuten trena zuzian zihoala Belgikan barrena. Parisera arratsaldeko lauetan heltzen zen, eta gau bakarreko egonaldia besterik ez egin arren, beti izaten nuen gauzaren bat erosteko astia —adibidez letoizko Tour Eiffel txikia, zilar-kolorez baldar margotuta— hurrengo eguneko eguerdian Sud Express-era igo aurretik; hark, Madrilerako bidean, gaueko hamarrak inguruan uzten gintuen Miarritzeko La Negresse geltokian, Espainiako mugatik kilometro gutxira.

 

 

2

 

    Miarritzek bere esentzia gordetzen zuen garai hartan. Hautsez estalitako sasiarteek eta terrains a vendre belar txarrez inbaditutakoek gure landetxera zeraman bidearen ertzak betetzen zituzten. Carlton hotela eraikitzen ari ziren artean. Hogeita hamasei urte inguru igaro beharko ziren Samuel McCroskey brigada-jeneralak Hotel du Palais-eko errege-suitean ostatu hartu baino lehen. Hotel hori antzinako jauregi baten lursailean dago, non, diotenez, hirurogeiko hamarkadan, medium ikaragarri bizkor hura, Daniel Home, ustekabean harrapatu zuten oin biluziarekin Eugenia enperatrizaren aurpegi atsegin eta fidakorra ukitzen ari zela (mamu baten esku baten tankeran). Kasinotik gertuko pasealekuan emakumezko lore-saltzaile edadetu batek, bekainak ikatz-ziriz tindatuta eta irribarre pintatu batekin, trebeziaz sartu zuen krabelin baten konkor mardula geldiarazitako oinezko baten botoi-zuloan, eta haren ezkerreko masailak plegadura dotoreak nabarmendu zituen saiheska begiratu zionean lorearen txertaketa pinpirinari.

    Plage-aren atzeko lerroan zehar, hareatzan olgetan zebiltzan ume lastozko kapeladunen gurasoak zeuden hondartzako eserleku eta aulki batzuetan. Ni belauniko nengoen, aurkitutako orrazi bati lupa batekin su emateko ahaleginetan. Gizonek praka zuriak erakusten zituzten harro, zeintzuk garbiketan urak modu xelebrean laburtu zituela emango bailuke gaurko begietara; emakumezkoek denboraldi hartan janzten zituzten jaka arinak zetaz forratutako papar-hegalekin, kapela luzeak eta hegal zabaldunak, belo zuri itxi brodatuak, marinera parpailadunak, parpailak eskumuturretan, parpailak itzalkinetan. Itsas haizeak gazitu egiten zituen ezpainak. Galdutako mitxeleta urre- eta laranja-koloreko batek ziztu bizian gurutzatu zuen plage pilpiragarria.

    Mugimendu eta soinu gehiago zetozen kaleko saltzaileengandik, aldarrika eskainiz cacahuxtes-ak, azukrezko bioletak, berebiziko berde-koloreko pistatxozko izozkia, cachou-pastillak eta bidoi gorri batetik ateratzen ziren gauza lehor, harearen antzeko, galletaren itxurako baten zati handi eta konbexuak. Gerora inongo gainjartzerik lainotu ez duen klartasunarekin, galleta-saltzaile hura ikusten dut irin-hondar sakonean oinak sartzen, bizkar makurtuan bidoi astuna zeramala. Deitzen ziotenean, sorbaldatik jaisten zuen uhalari bira bat emanez, kolpe batekin uzten zuen hondarrean Pisako dorrearen jarreran, eta zenbakiak zeuzkan iparrorratzaren antzeko mekanismo bat manipulatzen zuen bidoiaren estalkian. Geziak kirrinka eta burrunba egiten zuen jira-biran. Zoriak erabakitzen omen zuen sos baten truke ematen zuen galletaren tamaina. Zenbat eta handiagoa, atsekabe handiagoa hartzen nuen beragatik.

    Bainua hartzeko prozesua hondartzako beste leku batean izaten zen. Bertan zeuden bainulari profesionalak, euskaldun gihartsuak bainujantzi beltzekin, emakumezkoei eta umeei uhinen ikarez gozatzen laguntzeko. Horietako baigneur batek hurbiltzen ari zen olatu bati bizkarra emanez kokatzen zintuen eta eskua ematen zizun ur berde, apartsuaren masa birakari eta geroz eta handiagoa bortizki eta atzetik erortzen zenean zure gainera, neurrigabeko zartako batekin ahoz gora eroraraziz. Horietako dozena bat txilinbueltaren ondoren, baigneur-ak, itsas txakur bat bezain distiratsu, bere ardurapekoa arnasestuka, dardarka eta sudur bustiaren mintzoarekin, lehorrera eramaten zuen, itsasbazter laura, non emakume zahar, kokotsa ile zuriz bete, ahaztezin batek soka batetik zintzilik zeuden bainu-batetatik bat aukeratzen zuen berehala. Aldagela txiki baten segurtasunean, beste enplegatu batek laguntzen zizun bainujantzi busti-bustia eta hareak astundutakoa kentzen. Bainujantzia plaust erortzen zen oholen gainean eta, gorputza oraindik dardaraka, oinak ateratzen zenituen eta bere marra urdinxka, lausoak zapaltzen zenituen. Aldagelak pinuaren usaina zeukan. Laguntzaileak, zimur alaitsudun lepoker batek, irakiten zegoen ura ekartzen zuen konketa batean, eta bertan sartzen zenituen oinak. Harengandik ikasi nuen, eta ordutik hona nire oroimeneko kristalezko zelula batean gorde izan dut, euskaraz “butterfly” misericoletea dela —edo hala iruditu zitzaidan behintzat (hiztegietan aurkitu ditudan zazpi hitzetatik micheletea da gehien hurbiltzen zaiona).

 

 

3

 

    Plage-aren zatirik ilun eta hezeenean, itsasbeheran gazteluak egiteko basarik onena eskaintzen zuen hartan, Colette izeneko neskatila frantses baten ondoan suertatu nintzen egun batean, zuloak egiten.

    Hamar urte egingo zituen azaroan, hamar bete nituen nik apirilean. Gure arreta muskuilu-oskol morearen zati koskadun batera joan zen, zeina bere behatz luzedun oin estuaren zola biluziarekin zapaldu baitzuen. Ez, ni ez nintzen ingelesa. Aurpegiera hezurtsua estaltzen zuten gehiegizko oreztekin zipriztinduta zeudela ziruditen bere begi berdekarek. Gaur egun kiroletako arropa deituko genukeena zeraman, hau da, jertse urdina, mahukak gorantz bilduta, eta puntuzko praka labur urdinak. Hasieran mutila zela pentsatu nuen eta gero zalantzatsu geratu nintzen, ikusi nituenean bere eskumutur meheko apaingarria eta marinel-txanoaren azpitik zintzilik ageri ziren gaztaina-koloreko kiribilak.

    Txorien txorrotxio arinen zartadetan hitz egiten zuen, etxeko irakaslearen ingelesa eta Pariseko frantsesa nahastuz. Urte bi lehenago, plage berean, asko maite izan nuen Serbiako mediku baten alaba txiki maitagarri eta beltzarandua, baina Colette ezagutu nuenean, berehala jakin nuen hura benetakoa zela. Miarritzeko nire noizean behingo beste jolas-lagun guztiak baino askoz harrigarriagoa zen niretzat Colette! Ez dakit zelan heldu zitzaidan irudipena ni baino zorigaiztokoagoa zela, ez zutela askorik maite. Besaurre delikatu eta leunean zeukan beltzune batek susmo beldurgarriak sortu zizkidan. “Amak bezain zakar egiten du txitximurka”, esan zuen, karramarro bati buruz. Gurasoengandik salbatzeko zenbait plan garatu nituen, haiek “des bourgeois de Paris” baitziren, horrela entzun nion norbaiti, erdeinuzko keinu txiki batez nire amari esaten. Mespretxua nire erara interpretatu nuen, banekielako pertsona haiek euren limusina urdin eta horian etorri zirela Parisetik (sasoi hartan modan zegoen abentura) baina Colette eta bere txakurra eta irakaslea bidaiarien tren arrunt batean bidali zituztela modu xumean. Txakurra fox terrier emea zen, txilinak zeramatzan lepokoan eta etengabe astintzen zuen ipurditxoa. Euforiaz gainezka, ur gazia edaten zuen Coletteren baldetxotik. Gogoratzen ditut balde hartan margotutako belaontzia, arratsbehera eta itsasargia, baina ezin dut txakurraren izena gogoratu, eta horrek nahigabetu egiten nau.

    Miarritzen egon ginen hilabete bietan, Colettengatik sentitzen nuen pasioak tximeletengatik sentitzen nuen pasioa gainditu zuen. Nire gurasoek ez zeukaten bere gurasoak ezagutzeko gogorik, beraz hondartzan baino ez nuen ikusten; baina buruan neukan beti. Negarrez egon zela nabaritzen banuen, neure begietara malkoak ekartzen zituen itxaropenik gabeko larritasun olatu bat sentitzen nuen. Ezin nituen bere idun delikatuan koskadak uzten zizkioten eltxoak hil, baina berarekin lotsagabe portatu zen mutil ilegorri batekin ukabilka borroka nezakeen, eta egin nuen; neuk irabazi nuen. Gozoki-eskukada abegikorrak ematen zizkidan. Egun batean, itsas izar bati begira makurtuta geunden eta Coletten kiribilek kili-kiliak egiten zizkidaten belarrian, bat-batean nireganantz jiratu eta masailean eman zidan musu. Sentitu nuen zirrara hain izan zen handia non esatea bururatu zitzaidan gauza bakarra izan zen, “Sorgintxo halakoa!”

    Urrezko txanpon bat neukan eta hori gure ihesaldia ordaintzeko nahikoa izango zela uste nuen. Nora eraman nahi nuen Colette? Espainiara? Ameriketara? Pauetik haratagoko mendietara? “Là-bas, lá-bas, dans la montagne”, Carmen operan kantatzen entzunda neukan moduan. Gau bitxi batean, iratzarrita nengoen, ozeanoaren danbada isil errepikaria entzuten eta gure ihesa prestatzen. Bazirudien ozeanoa igo eta itsu-itsuan ari zela iluntasunean eta gero muturrez aurrera erortzen zela, astun.

    Gure benetako ihesaldiaz gutxi konta dezaket. Nire oroimenak Coletten irudi iragankor bat gordetzen du abarketak janzten, esaneko, haizeak astintzen zuen denda baten ezkutuan, nik tximeleta-sare tolesgarri bat paperezko poltsa marroi batean sartzen nuen bitartean. Hurrengo irudia jazarpena saihesteko gure ahalegina da, Kasinotik hurbil zegoen zinema ilun baino ilunago batean sartuta (zeina, noski, guri jarritako mugetatik kanpo baitzegoen). Han eseri ginen, eskuak lotuta txakurraren gainetik, zeinak lantzean dilin-dalan egiten zuen goxoki, eta Donostiako zezenketa zakar, zirimiritsu baina oso zirraragarri bat proiektatu ziguten. Nire azken irudian neu agertzen naiz, irakasleak pasealekutik ninderamala. Bere zango luzeak nolabaiteko mehatxuzko kemenarekin mugitzen dira eta masailezurreko seriotasunez betetako muskuluak azal tenkatuaren azpian bihurritzen ikus ditzaket. Nire anaia betaurrekoduna, bederatzi urtekoa, irakasleak beste eskutik daramana, zapasaltoka aurreratzen da behin eta berriro jakin-min izutuarekin niri begiratzeko, hontz txiki baten moduan.

    Joan baino lehen Miarritzen erositako oroigarri hutsalen artean, nire gogokoena ez zen harri beltzezko zezen txikia edo itsasoko maskor soinuduna, ezpada orain ia-ia sinbolikoa dirudien gauza bat: itsas-aparrezko luma-euskarri bat, apaingarri modura kristalezko behatxulo txiki-txiki bat zeukana. Begietako batera asko hurbildu eta bestea ondo itxi behar zen, eta betileen isla bistatik galtzen zenuenean, barruan badiaren eta itsasargi batean bukatzen zen labarren lerroaren ikuspegi fotografiko liluragarria ikus zitekeen.

    Eta orain gauza zoragarri bat gertatuko da. Luma-euskarri hura eta bere zulotxoko mikrokosmosa berregitearen prozesuak azken esfortzua egiteko adorea ematen dio nire oroimenari. Berriro egin dut Coletteren txakurraren izena gogoratzeko ahalegina, eta, bai horixe, urrutiko hondartza haietatik, iraganeko arratsaldeetako harea satinatuen gainetik, non oinatz bakoitza arrastiriko urarekin betetzen baita astiro, han dator, han dator, ozen eta dardaratsu: Floss, Floss, Floss!

    Colette Parisen zegoen, egun batez bertan geratu ginenean etxerako bidean aurrera egin aurretik; eta han, parke arre batean eta zeru urdin hotz baten azpian ikusi nuen (gure zaintzaileen arteko adostasunari esker, uste dut) azkenekoz. Zirrindola bat eta hura erabiltzeko makil labur bat zeramatzan, eta bere inguruko gauza guztiak ziren oso egokiak eta dotoreak udagoieneko, paristar, tenue-de-ville-pour-fillettes usadioan. Agur-opari bat hartu zion irakasleari eta nire anaiaren eskuan sartu zuen, almendra garrapiñatuen kaxa bat, niretzat bakarrik zena, banekien; eta istantean joan egin zen, bere zirrindola dirdaitsua eguzkitik eta itzaletik kolpetxoka eramanez, nigandik hurbil zegoen eta hosto hilek itota zeukaten iturri bati bueltaka eta bueltaka. Hostoak bere oinetakoen eta eskuzorroen larruarekin nahasten dira, eta bazegoen, gogoratzen dut, bere arropetako xehetasunen bat (agian bere txano eskoziarraren xingola bat, edo galtzerdietako marrazkia) une hartan kristalezko kanika bateko ostadar-itxurako espiral bat gogora ekarri zidana. Badirudi oraindik nagoela irideszentzia-kiribil hori eskuan daukadala, zehazki non jarri ez dakidala, berak zirrindolarekin alde egiten duen bitartean, korrika eta nire inguruan are arinago bueltaka eta azkenean disolbatu egiten da uztai baxuko itxiturako arku korapilatuek hartxintxarrezko bidean proiektatutako itzal makarren artean.

 

LEHEN AMODIOA
Vladimir Nabokov

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.com, 2013